Carlos Saiz. 65 Urte.

Carlos Saiz naiz. Zenbait hamarkada sendagile gisa lan egin ondoren, orain, erretiratu ondoren, inoiz baino denbora gehiago dut naturaz, kulturaz eta arteaz gozatzeko. UNEDen Historian eta Artean lizentziatu nintzen, eta ikastaroak eginez, museoak bisitatuz, graffitiak deskubrituz eta hirigintza ezagutuz gozatzeaz gain,  gehien gustatzen zaidana beste pertsona batzuk jarduera horietaz gozaraztea eta haiekin nire ezagutzak partekatzea da. Esate baterako, duela gutxi bisita bat egin genuen Errenteriako gune historikoan, eta beste bat Bilbo Zaharrako “La Palanka”n.

Partekatu istorio hau

  • Facebook
  • Twitter

Urriak 1, pertsona adinduen nazioarteko eguna.

BAGARA adina gizarteari ekarpena egiteko muga ez dela adierazteko adibide argia da. Urteek ez gaituzte iragan bilakatu, gure orainaldia erronka eta nahiez beterik dago.

Alicia Ardanaz. 83 Urte.

Alicia Ardanaz naiz, eta nire pasioa, gaur egun, ipuinak kontatzea da, edozein forotan eta edozein pertsona motari. 70 urterekin ikasi nuen ipuinak kontatzen, eta 13 urte daramatzat horretan. Nazioarteko enpresa handi bateko idazkari gisa egindako ibilbidean, oso gauza interesgarriak bizi izan nituen, eta oso pertsona interesgarriak ezagutu nituen. Jakingura handikoa izaki, denbora guztian nengoen ez nekiena xurgatzen, eta horrela pilatu nituen istorioak nire maletan. Orain, ipuinak kontatzen gozatzen dut, ipuinak kontatzea baliagarria den lekuetan.

Elixabete Garmendia. 64 Urte.

Kazetaria naiz, bokazioz, ikasketaz eta lanbidez. Euskarazko kazetaritzan aritu naiz beti eta horretan jarraitzen dut. Jendearekiko jakinminak –izan norbanakoak edo kolektiboak- gidatzen du nire lana. Jakinmin horrek eraman nau erretirorako bidean abiatu bezain azkar, unibertsitatera itzuli eta antropologiako ikasketak egitera, zehazki gizarte antropologiako masterra, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gizakion bizimolde, sinismen eta jokabideetan sakontzea interesatzen zait, eta arreta berezia jartzen diot emakumeon ibilbide eta garapenari. Saiatzen naiz gure belaunaldikoen ondarea zama bihurtu gabe, hurrengoek dakartzaten ideia eta praktika berrietatik elikatzen.

Daniel Alkorta. 74 Urte.

Daniel Alkorta naiz, eta, urte batzuez geroztik, publizitate spotetan hartzen dut parte, eta estra gisa aritzen naiz zineman. Giro hori oso atsegin dut, eta asko gustatzen zait barrutik bizitzea, filmaketa lekuetara bidaiatzea… Orain arte, abokatuaren, notarioaren eta aitonaren papera egin dut. Baita Intxaurrondoko Olentzerorena ere! Izan ere, Eguberri guztietan, Donostia Kulturaren «Gabonak Zuretzat» programan hartzen dut parte. Fokuetatik kanpo nagoenean, boluntario zeregin ugari egiten ditut, hala nola kartzelan dauden pertsonak bisitatzea eta kirol ekitaldiak antolatzen parte hartzea.

Maite Martinena. 69 Urte.

Maite Martinena naiz, eta 20 urtez goi mailako hezkuntza zentro bateko sail ezberdinetan egin dut lan; idazkaritzan arreta-zerbitzua eskaintzen, liburutegiko laguntzaile gisa, eta abar. Lanpostu horiek guztiek adin ezberdineko pertsonekin harremanetan eroso sentitzeko behar adina baliabide eman dizkidate. Emakume baikorra naiz eta entzuteko gaitasuna daukat. Uste dut nire zeregina hirian beste pertsonei nire alaitasuna helaraztea dela, zeina izugarri handitu den 55plus programan parte hartzen dudanetik. Era berean, beste pertsonekin harremanetan jarri eta beste pertsonekiko harremana errazteko gaitasuna daukat. Bitartekari ona naiz.

Angela Rodriguez. 73 Urte.

Angela Rodriguez naiz, eta Hazi eta Ikasi elkarteko kidea naiz. Beste kide batzuekin batera, boluntarioak erakartzen aritzen naiz, gero orientatzeko eta taldean integratzeko. Eskola laguntza emateko elkarte bateko kideak diren aldetik, boluntarioak funtsezkoak dira gure lana egiteko. Horregatik, urtero hartzen dut parte herritarrak kontzientziatzeko kanpainetan: hitzaldiak ematen ditut Donostiako zenbait zentrotan, hala nola Koldo Mitxelena kultur gunean eta Seminarioan; ikastetxeetara jotzen dut, hala nola EHUra, Nazaret Fundaziora, Deustura eta Tecnunera, eta boluntariotzari buruzko azoketan hartzen dut parte.

María Sánchez. 61 Urte.

María Sánchez naiz, eta irakaslea naiz. Hortaz, partekatzea gustatzen zait. Ezagutzak, bizipenak, ideiak, zaletasunak eta abar partekatzea. Eta, halaber, nire hiriarekin maiteminduta nago. Hortaz, jakin nuenean gure  San Telmon gidari boluntarioa izateko aukera zegoela, nire denboraren parte bat aurreko belaunaldiek han utzi diguten ondarea ezagutarazten laguntze aldera erabiltzeko aukera ikusi nuen. 55 urtetik gorakoentzako bisita gidatuen programaren taldeko kidea izateak aukera ematen dit nire bi zaletasunak batzeko. Poz-pozik nago elkarlan horrekin. Iruditzen zait, nolabait, hiriari berak ematen didanaren parte bat itzultzen diodala.

Pili Perea. 72 Urte.

Pili Perea naiz, eta ahal bezainbeste inplikatzen naiz sinesten ditudan gauzetan. 63 urterekin aurretiko erretiroa hartu nuen, ahizpa zaintzeko, minbizia baitzuen. Asko kostatu zitzaidan, izugarri gustatzen baitzitzaidan nire irakasle eta orientatzaile lana, baina lehentasunezkoa zela iruditu zitzaidan. Harrezkero, zenbait ekimenekin konprometituta nago. Orain, Helduen Hitza eta Erdialde elkarteetan nago, eta, beste proiektu batzuetan artean, lanean dihardut adineko etxeek gure hirian duten eginkizunari buruz hausnartzeko. Adineko etxeen eginkizuna ezagutarazi nahi dugu, ematen duten guztia balioetsi eta, etorkizunari begira, hobekuntza batzuk proposatu, onuragarriak izango direnak, hala adineko etxeetan parte hartzen duten pertsonentzat nola Donostiarentzat.

Antonio Sánchez. 80 Urte.

Antonio Sánchez naiz, eta liburuak idazten ditut eta hitzaldiak ematen ditut eraginkortasunez eta gozatuz nola bidaiatu azaltzeko. Gaixoei indarra ematen aritzen naiz, libre bizi daitezen, beldurrik gabe eta modu aktiboan. EHUn eta eskoletan, gazteei gozatuz ikasten eta irakasteaz gozatzen irakasten diet. Nik uste zahartzaroa eta nire Parkinsona gehiago eta hobeto bizitzeko aitzakiak direla. Bitxikeria bat: 70 flexio egiten ditu minutu batean, eta, hori dela eta, «Got Talent» telebista saioan atera nintzen.

José Luis Astigarraga. 65 Urte.

José Luis Astigarraga naiz, eta, duela 38 urtez geroztik, Donostia Kultura Festakekin elkarlanean dihardut mota guztietako jaietan: Aste Nagusia, Estropadak, Olentzero, Inauteriak… Duela zenbait urtez geroztik, paseo kulturalak prestatzen ditut nire elkarteko –hots, Euskal Billerako– kideentzat eta lagunentzat, eta hiriaren historiaren berri ematen diet kaleen, bideen eta mendien bidez. Horrelako gauzak egitea gustatzen zait, eta, gainera, gozatu egiten dut horrelako gauzak besteekin partekatuz. Horretaz gainera, goizean goiz jaikitzen naiz, nire 91 urteko ama zaintzeko eta etxeko eguneroko zereginetan inplikatzeko. Dena den, denbora geratzen zait Errealari jarraitzeko, bai eta, familiarekin batera, Donostiarrari jarraitzeko ere.

José Luis Ruiz. 68 Urte.

José Luis Ruiz naiz, eta, ia hamar urtez geroztik, adiskidetasun, elkartasun eta sorkuntza loturak sortzen saiatzen naiz Batukadako erritmoak ikasteko eta jotzeko astean behin biltzen garen pertsona talde batean. Horretaz gainera, PATRIS elkartearekin parte hartzen dut neguan gure hondartzak garbitu eta itsasoak «botatzen» dizkigun hondakin kutsakorrenak ateratzeko. Zer ondare utziko diegu gure seme-alabei gure planeta eta, bereziki, gure ozeanoak zaintzen ez baditugu?

Jose Ramón Elizondo. 74 Urte.

José Ramón Elizondo naiz. Beste lagun batzuekin batera, Bidean deritzon proiektua martxan jartzen ari gara. Proiektu horren bidez, 15 urte nituenetik 68 urte nituenera arte ostalaritzan egindako lanarekin ikasi dudan guztia partekatu nahi dut, gure kultura gastronomikoaren alderdi batzuk berreskuratzeko eta zabaltzeko, ahazten ari garenak eta gure ustez galdu behar ez ditugunak. Horretarako, hainbat motatako ekimenak sustatzen ditugu eskoletan, zahar etxeetan, bai eta Donostiako jaietan ere. Esate baterako, aurten, Aste Nagusian, Hakuma Patata gazteentzako lehiaketa antolatu dugu. Horretaz gainera, aquagym egiten dut, paseo osasungarriak ematen ditut eta north walking egiten dut, eta garrantzitsuena: nire familiarekin denbora pasatzen dut.

José Antonio Erdozia. 75 Urte.

José Antonio Erdozia naiz, eta eskala txikiko boluntario lanak egiten ditut Chernobil Elkartean. Lokalean egoten naiz hilean arratsalde bat, kontsultei erantzuteko, dokumentazioa jasotzeko… Laguntza behar duten une jakin batzuetan ere hantxe egoten naiz. Fiare Banku Etikoan ere laguntzen dut, astean arratsalde batez finantza etikoei buruzko informazioa emanez. Bestalde, Helduen Hitzaren jardueretan parte hartzen dut, mendi ibiliak egiten ditut, hitzaldiak ematen ditut, nire euskara maila hobetzen saiatzen naiz… Ondorioztatu dut osasungarriena gozatzen duzuna egiten jarraitzea dela, jarduera sozial gisa edo zaletasun pertsonal gisa.

Gala Izaguirre. 71 Urte.

Gala Izaguirre naiz, eta gaixotasun larri samar bat izan nuen, bizitza beste era batera ikusarazi zidana. Horregatik, ospitalean zenbait hilabete igaro ondoren handik atera nintzenean, boluntario gisa parte hartzea erabaki nuen, nik pasatu nuena pasatu zuten pertsonei laguntzeko. Horretaz gainera, nire ohiko bizitzara itzultzean, izugarrizko sormena piztu zen nigan, ziur asko nire arimaren txokoren batean gordeta nuena eta nire sendabidea izan dena. Garai batean margotu nituenak baino margolan ausartagoak imajinatzen hasi nintzen. Margotzen hasi nintzen berriro, eta, orain, erakusketa bat dut Tabakaleran, eta izugarrizko ilusioa dut.

José Ignacio Negruela. 61 Urte.

Jose Ignacio Negruela naiz, eta nire afizio handia txoriak heztea da. Afizio horren bidez lortzen dut haur askok (eta jada haur ez diren batzuk ere) hegazti horiek hobeto ezagutzea, txoriengana hurbiltzeko, ukitzeko eta jaten emateko aukera ematen baitiet. Nire beste zaletasun bat da tamaina handiko joko tradizionalak egitea. Joko horiek zenbait ekitalditara eta gazteekin egiten ditudan tailerretara eramaten ditut. Bestalde, Caritasko boluntarioa naiz, eta defentsa pertsonala eta eskulanak irakasten dizkiet emakume etorkinei.

Charo Martínez. 66 Urte.

Charo Martínez naiz, eta LAGAELeko kidea naiz. Elkarte horretan, modu boluntarioan eta solidarioan egiten dut lan, beste pertsona askorekin batera, emakumeak ahaldunduz haien autonomia eraikitzen. 25 emakume inguru biltzen gara, hausnarketarako, elkarrizketarako eta trukerako gune bat partekatzeko, eta horrek aukera ematen digu gutako bakoitzaz ikasteko, gure artean konplizitateak eta loturak sortuz.

Lola Arrieta. 69 Urte.

Lola Arrieta naiz. Orain dela urte batzuk literatura hizketaldi bat dinamizatzen hasi nintzen, eta gaur egun Aieteko Kultur Etxean egiten dugu jarduera hori. Hilean behin elkartzen gara, eta bilera jendetsu eta biziak izaten dira. Une atseginak bizitzen ditugu elkarrekin, eta biltzen garen guztiok ikasteko eta gozatzeko gogoa dugu. Aldez aurretik irakurri dugunari buruz hitz egitea edo besteek diotena entzutea aberasgarria da: beste modu batean irakurtzen ikasten dugu, beste ikuspegi batzuez ohartzen gara… Literaturaz gainera, zine forum saioak egiten ditugu, bai eta musikari, arteari edo historiari buruzko hitzaldiak ere. Ikasturte bakoitzaren amaieran bidaia bat egiten dugu. Apurka-apurka Europa guztia ezagutzen ari gara!

Virginia Vera. 69 Urte.

Virginia Vera naiz, eta literatur jardueren bidez komunikatzen ahalegintzen naiz: hizketaldietan eta topaketetan parte hartzen dut, eta orain kontakizun laburren sariketa bat sustatzen ari naiz. Aztarnak. Batez ere, literatura gaur egun ere etorkizun handiko arma dela uste dudalako (Gabriel Celaya / Paco Ibáñez). Ideia horiek indarrean daude, bestelakorik nahiko genukeen arren:

Kolpeka bizi garelako, ia ez digutelako uzten
nor garen esaten
gure kantuak ezin dira pekaturik gabe apaingarri izan.
Hondoa ukitzen ari gara.

Jesús Mª Alquézar. 70 Urte.

Jesús Mª Alquézar naiz, eta, 99 urteko amari egunero bisita egiteko zoriona izateaz gainera, bete-betean erabiltzen dut nire denbora. Club Vasco de Camping elkartean jarduera hauek dinamizatzen ditut: nordic walking-a, mendi-ibiliak, eski alpetarra eta bidaiak. Oso ezagunak ez diren mendi ibilbideen berri idazten dut zenbait komunikabideetan. Mendi ibiliak eta BTT ibilbideak egiten ditut astero, eta haien berri ematen dut sare sozialetan. Donostiari buruzko hainbat gairen inguruko berriketaldian parte hartzen dut Radio San Sebastián irratian. Horrez gainera, futbola (Erreala), musika, zinema eta irakurtzea gustuko ditudanez, liburuak eta filmak aurkezteko deitzen didate.

Pilar Romea. 75 Urte.

Pilar Romea naiz, eta nire bizitzan hartu dudan erabaki onenetako bat Dandain (Egiako emakumeen elkartean) sartzea izan da. Han, konturatu nintzen nigan beste emakume bat zegoela, etxeko andreaz eta helduak eta haurrak zaintzen dituen emakumeaz gain. Asko kezkatzen naute indarkeria pairatzen duten emakumeek eta haien seme-alabek, intolerantziak eta injustiziak, errespeturik ezak eta balioen galerak. Hortaz, ahal dudan heinean, emakumeei laguntzen aritzen naiz, autonomoagoak eta jantziagoak izan daitezen. Horretarako, orobat naiz Emakumea eta Hiria Foroko kidea, lankidetzan jarduten dut Giza Liburutegian, Plus 55ekin, Gipuzkoa Solidarioa elkargunearekin… eta erronka berriei aurre egiteko prest nago!

José María Soroa. 84 Urte.

José María Soroa naiz. Jaiotzez, bizitzez eta bihotzez donostiarra. Duela 13 urtez geroztik, zahar etxeetan eta eguneko zentroetan ibiltzen naiz, nire kantekin eta txisteekin irribarreak pizten saiatzen. Nagusilanen boluntario gisa jardun dudan urte hauetan guztietan, 1.255 aldiz baino gehiagotan eta 123 zahar etxeetan baino gehiagotan antzeztu dut. Bitxia da: enpresa bizitza aktiboa izan ondoren eta euskal artista ezagunekin geografia osoan barrena musika emanaldi askotan jo ondoren, orain esan dezaket benetan zoriontsu sentitzen naizela.

Jose Manuel Lángara. 62 Urte.

Jose Manuel Langara naiz, eta harro nago nire bikotearekin batera nire etxeko “etxekoandrea” izateaz. Adineko pertsonen hezitzaile eta antzerki zuzendari gisa jarduten dut, eta nire lantaldearekin batera, ametsak egi bihurtzen jarraitzen dugu.

Teresa del Valle. 80 Urte.

Teresa del Valle naiz, eta, antropologo sozial gisa, landa lana egiten jarraitzen dut Euskal Herrian eta Mexikon. Oso maite dut ikertzea, idaztea eta komunikatzea. Biltzarretan parte hartzea, ikasten jarraitzeko. Jakintzaren genealogia balioesten dut, eta feminismoak dakarren praktika. Horregatik, irmotasunez salatzen dut emakumeen eta nesken aurkako indarkeria, eta horren aurka militatzen dut. Jakiundeko akademiko gisa, diziplinarteko jakintza giro batean parte hartzea balioesten dut. Bidaiatzeaz gozatzen dut, bidaiatzea jakintza, gizatasun eta dibertsitate esperientzia bat baita. Natura eta artea oso garrantzitsuak dira nire eguneroko bizitzan. Nire zaletasunak alabekin eta bilobekin (neska bat eta bi mutil) partekatuz gozatzen dut.

Carlos Pérez. 68 Urte.

Carlos Pérez naiz, eta oso egun beteak izaten ditut. Oinez eta bizikleta elektrikoan egiteko ibilbideak antolatzen ditut, natura hobeto ezagutzeko. Kalapie elkarteko lagun batekin, 55 urtetik gorakoentzako tailer bat zuzentzen dut Donostiako Udalean (“Ingurumen sentsibilizazioa”) eta jorratzen ditugun gaiekin lotutako txangoak egiten ditugu. Kalapie elkarteko kide naizen aldetik, Donostiako Udaleko Ingurumenarekin lankidetzan, hirian oinez edo bizikletaz ibiltzean jendeak arnasten duen airearen kalitatea neurtzen dut denbora errealean, azken belaunaldiko ekipo eramangarriak baliatuta. Halaber, airearen kalitatea neurtzen dut zenbait ekitalditan, hala nola San Joan gauean.

Juani Idiakez, Feli Arizmendi, Esther Inchaurraga, Juani Loigorri, Maite Arzak. 82, 81, 73, 70, 70 Urte.

Juani, Feli, Esther, Juani eta Maite gara. Asteazkenero biltzen gara, beste pertsona batzuekin batera, eskulanak egiteko Añorgako zahar etxean. Elkarrekin une ederrak pasatzeaz gain, oso pozik gaude gure sorkuntzetako asko modu batera edo bestera gure auzoa hobetzen duten elkarte eta taldeetarako direlako. Azken urteetan, lau erraldoiren jantziak, Jolas Etxea Kluberako bandera eta ikurrina batzuk, dantza taldearentzako soinekoak eta mantalak eta danborradarako jantziak egin ditugu, bai eta Errege Magoen desfilerako jantziak ere.

Joxe Arce. 78 Urte.

Joxe Arce naiz, Uliako Auzo Elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea. Elkarte horri ematen diot nire denboraren zati handi bat, zura tailatzen irakasten. Orain dela urtebete, Ategorrietako Mintegietako parkera bisitaldiak antolatzen ere hasi nintzen, bisitariek parke zoragarri horri buruzko xehetasunak ezagut ditzaten (historia, zuhaitzak, mintegiak…). Horrez gainera, irmo defendatzen ditut gure guneak: parkea babesteko sinadurak biltzen ditut, bai eta Rodilen etxebizitzak egiteko proiektua dela eta prestatu ditugun alegazioen alde egiteko sinadurak ere.

Txaro de la Horra. 73 Urte.

Txaro de la Horra naiz. Zaintzea eta laguntzea, nire familiatik hasita: horra gehien betetzen nauen gauzetako bat. Denetarako nago prest: maitasuna emateko eta ahalik eta gehien laguntzeko. 40 urteko seme bat dut, bere pisuan bizi dena baina asteburuak nirekin igarotzen dituena, bai eta alaba bat ere, zailtasunak dituzten haurrak integratzeko lan egiten duena eta 9 urteko mutiko autista bat harreran hartu duena. Erdialde eta Helduen Hitza elkarteko kide naiz, eta sustatzen dituzten jardueretako askotan hartzen dut parte. Nire azken erronka handia: euskara hobetzea.

Pascal Robert. 61 Urte.

Pascal Robert naiz, eta nire bizitzak hari gidari bat izan du, eta oraindik ere du: joskintza. Bere garaian, Parisera joan nintzen jostun, ametsez beteta. Nire bizitzaren hariak hiri hartan maitasuna ezagutzera eraman ninduen, eta, gero, Donostiara ekarri ninduen. Jada 43 urte igaro dira harrezkero. Baina bizitzak, mataza bateko hariak bezala, buelta asko ematen ditu. Gauzak okertu egin ziren. Asko. Orain, Emausen, nire bizitzaren bridak berreskuratzen ari naiz. Puntadaz puntada. Neure burua berreraikitzen, eta eraikitzen. Berrerabiltzen eta besteentzat sortzen. Esate baterako: baserritar jantziak egin ditut Aieteko Kultur Etxean ikusgai jartzeko, Emausek Antiguoko festetarako emandako buruhandien jantziak egin ditut, elkarrekin jositako gorbatekin sofak tapizatu ditut erakusketetarako…

Emi García. 73 Urte.

Emi Garcia naiz, eta Altzakoa naiz. Nire filosofia neure burua fisikoki, mentalki eta espiritualki zaintzea da, ondo egoteko eta nire ingurukoei laguntzeko. Gimnasia egiten dut astean bi aldiz, eta, gorputz ariketak egiteaz gain, taldearekin sozializatzen gara. Etxetik irteteko eta ondo pasatzeko modu ona da. Taldean, bat eginik sentitzen gara, eta elkarri laguntzen diogu. Hori dela eta, kiroldegiaren jarraipen plataformako kidea naiz. Kiroldegia elkargune bat zen auzoko pertsona askorentzat, eta pertsona horietako asko adinekoak ziren; horregatik, beharrezkoa dugu amiantoaren inguruan agertu diren arazoak konpontzea eta kiroldegi berria lehenbailehen eraikitzea, arazo horiek gure bizi kalitateari eragiteari utz diezaioten.

Ángel María Calvo. 68 Urte.

Ángel María Calvo naiz, eta, biloba zoragarri baten aitona harroa izateaz gain, Altzako Historia Mintegiko kidea naiz. Han, beste pertsona askorekin batera, garai batean Altza herria izandakoaren alderdi historikoa, soziala eta ondarezkoa (besteak beste) biltzen, kontserbatzen eta zabaltzen aritzen naiz. Halaber, gidari gisa jarduten dut Casares Kultur Etxeak hiriko Ekialdeko Barrutian eta inguruan antolatzen dituen ibilaldietan, eta Aranzadi elkartearen Etnografia Sailean parte hartzen dut.

Bibi Atutxa. 103 Urte.

Bibi Atutxa naiz, Igorren jaioa. Familiako baserrian pasatu nuen haurtzaroa: eskolara joaten nintzen, eta gurasoei laguntzen nien, neba-arrebez arduratuz (13 neba-arreben artean hirugarrena nintzen ni). 20 urte betetzean, zerbitzari joan nintzen Bilboko etxe batera. Zenbait urte geroago, ezkondu, eta Zubietara joan nintzen. Han sortu nuen nire familia. Etxeko andrea izateaz gain, bagenuen lursail bat, eta, bertan, barazkiak landatzen nituen, gero Lasarteko denda batean saltzeko. Orain, Matia Fundazioaren Bermingham zentroan bizi naiz, eta, mende batez bizi izan ondoren, oraindik ere berdin-berdin laguntzen jarraitzen dut. Eguneroko bizitzako zereginetan parte hartzen dut, janaria prestatuz eta landareak zainduz. Bizitzan zehar egin dudana orain bizi naizen etxean egiten dut.

Graciela Imaz. 66 Urte.

Graciela Imaz naiz, eta, aurretiko erretiroa hartu nuenetik, SECOTeko boluntarioa naiz. Han, hirugarren adineko pertsona batzuek enpresa arloko aholkularitza ematen diegu bitartekorik izan ez arren beren negozioa abiarazi nahi duten pertsonei edo aholkularitza behar dutenei. Gure misioa enplegua mantentzea eta sortzea da, ekintzaile sena sustatuz eta, aldi berean, hirugarren adineko pertsonei beren bizitza aktiboa luzatzeko eta beren ezagutzak eta esperientzia transmititzeko aukera eskainiz. Elkarlan horrek aktibo sentiarazten nau gure gizartean, eta bete egiten nau, aurkezten dizkiguten proiektuetan laguntzen jarraitzeko.

Higinio Otazu. 69 Urte.

Higinio Otazu naiz, eta Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartean lanean ematen dut nire denboraren zati bat. Bizikletak hiritarren osasuna hobetzen du, eta ingurumena hobetzen du. Horregatik ikastaroak antolatzen ahalegintzen naiz: bizikletan ibiltzen ikastea, bizikleten mekanika ezagutzea, edo teknologia berriak aplikatzea segurtasun handiagoz mugitzeko. Azken finean, bizikleta sustatzen badugu, hiriaz gozatzeaz gainera, hiria hobetzen dugu.

Matilde Urra. 84 Urte.

Matilde Urra naiz, eta Lamourous egoitzan bizi naiz. Goiz jaikitzea atsegin dut, eta irakurtzen, letra zopak egiten eta josten ematen dut goiza. Nire lanbide jardueran josten aritu naiz, batez ere: osagarriak sortzen, konponketak egiten… Beti gustukoa izan dut lan hori, eta horrek entretenitzen nau gehienbat. Orain, egoitzan, zaletasun hori nire ingurukoen artean hedatzeko ahaleginak egiten ditut. Horixe da egoitzari eta gizarteari egiten diodan ekarpen nagusia.

Jose Ramón Arriaran. 64 Urte.

Jose Ramón Arriaran naiz. Alzheimerraren inguruan lan egiten duen elkarte bateko kide aktiboa naiz. Elkarteak «El Futuro es la Memoria» du izena, eta, gaur egun, neu naiz presidenteordea. Une honetan, gure helburu nagusietako bat pertsonak prestatzea da, Alzheimerrak eta zahartzaroko beste gaixotasun batzuek jotako gaixoak behar bezala artatzen jakin dezaten. Horretaz gainera, SECOTeko kidea naiz. Elkarte horretan, zuzendari eta enpresari erretiratuok enpresa kudeaketaren inguruan dugun ezagutza eskaintzen diegu, modu altruistan eskaini ere, ezagutza horren premia duten erakundeei.

Milagros Hijarrubia. 75 Urte.

Milagros Hijarrubia naiz, eta bizitza osoa daramat nire auzoko –hots, Antiguoko– auzokideen bizi kalitatea hobetzen saiatzen. Bonobusa, Benta Berriko saskibaloi kantxak, Ondarretako hondartzako haurrentzako jolastokia eta Antiguoko informazio panelak: badirudi bizitza oso bat daramatela hor, eta, berez, ahalegin handiz lortutako gauzak dira. Gaur egun, auzoko premiei adi-adi jarraitzeaz gain, belaunaldiarteko jardueretan parte hartzen dut auzoko neska-mutilekin. Galletak egiten irakasten diet.

Nina García. 64 Urte.

Nina García naiz, eta, nire lana dela eta, egunero nago kontaktuan pertsona gaixoekin. Horrek nire denbora librea ere pertsona horiei laguntzeko premia sentiarazi dit. Egun batean, norbaitek Gizakien Lurraz hitz egin zidan; elkarte horren bidez, afrikar jatorriko haurrak hona etortzen dira, ebakuntza kirurgikoak egin diezazkieten, haien herrialdean ezin dietelako horrelako ebakuntzarik egin. Harrezkero (20 urte baino gehiago igaro dira), elkarte horretan parte hartzen dut, sentsibilizazio kanpainetan eta nire auzoko ekintzetan lagunduz, bai eta gazteei ospitalean lagun eginez ere, ebakuntzaren ondoren ospitalean egoten diren bitartean. Poz-pozik egiten dudan zerbaitekin haur baten bizi kalitatea hobetzen laguntzen dudala jakiteak izugarrizko poza ematen dit.

Purificación Urretabizkaia. 77 Urte.

Purificación Urretabizkaia naiz, eta, esaten dutenez, ipurtarina naiz. 77 ditut, baina beti ari naiz gauzak egiten. Gipuzkoan antolatzen diren bigarren eskuko merkatuetara joatea gustatzen zait, pintatu egiten dut eta hainbat gauzari buruzko ikastaroak egiten ditut. Aldizka, jarduerak aldatzea gustatzen zait, baina gehien erakartzen nauten jarduerak beti daude lotuta komunikazioarekin eta interpretazioarekin: aurkeztea, interpretatzea, abestea edo dantzatzea. Nire interesak laburbildu beharko banitu, esango nuke ikastea, irakastea eta laguntzea gustatzen zaidala.

Félix Juez. 71 Urte.

Félix Juez naiz, eta, bizitza erdia baino gehiago lanean igaro ondoren, orain gozatzeko, partekatzeko eta elkarlanean aritzeko garaia iritsi zait. Itsasoa gustatzen zait, bai eta irakurtzea, musika entzutea eta jendearekin bizipenak eta istoriotxoak partekatzea ere. Bi zaletasun horiek bi esperientzia zoragarritan –bi proiektu polit eta interesgarritan– parte hartzera eraman naute; alegia, Amarauna proiektuan eta Giza Liburutegian. Ahal dudan eta uzten didaten bitartean, halaxe jarraituko dut, partekatzen, nire ekarpena egiten, irakasten, ikasten…

Carmen Monreal. 75 Urte.

Carmen Monreal naiz, eta hezkuntza arloan egin dut lan bizitza osoan. Erretiratu nintzenetik, «hutsuneak» betetzen ditut, modu altruistan, nire beharra dagoenean. Gaur egun, esate baterako, irakurmena (ulermena eta gramatika) hobetu nahi duten 65 eta 72 urteko bi pertsonari laguntzen diet. Biek 9 eta 12 urte zituztenean utzi zioten eskolara joateari. Era berean, Batxilergoko ikasle bati laguntzen diot, mendialdekoa dena eta euskaraz bizi dena, bere Espainiar Literaturako programan. Eta, tira… hori guztia doan egiten dudan arren, denak poz-pozik etortzen dira saioetara beren baratzeko produktuekin.

Mª Luisa Arza. 71 Urte.

María Luisa Arza naiz. Duela 6 urtez geroztik, Zorroaga egoitzan bizi naiz, eta, nahiz eta noizbehinka ajeren bat izan, arin eta energiaz beteta nago. Horregatik, ahal dudan guztia egiten saiatzen naiz egoitzan bizi diren pertsonei, beren kabuz mugitu ezin direnei, laguntzeko. Normalean, goizetan, gimnasiara, ile apaindegira eta beste leku batzuetara eramaten ditut, eta, dena delako lekura eramateaz gain, nire konpainiarekin animatzen saiatzen naiz. Pazientzia izatea eta psikologia pixka bat jakitea, hor dago koska!

Marisa Sarriá. 66 Urte.

Marisa Sarriá naiz, eta, Donostiako Emakumeen Etxearen bidez, emakumeak xake kirolean sartzeko bideak zabaltzen dihardut. Ikasle gisa, urte hauetan zehar sortu diren ikaskuntza mailetan hartzen dut parte. Adin guztietako emakumeak joaten dira ikaskuntza maila horietara. Nire helburua, bai eta nire kideena ere, ikastea eta antolatzen diren banakako eta taldekako lehiaketa eta txapelketetan parte hartzea da. Halaber, emakumeentzako Donostia Hiria Nazioarteko Xake Txapelketa antolatzen laguntzen dut. Txapelketa hori urtero egiten da, azaroko lehen igandean.

Conchi Palomo. 67 Urte.

Conchi Palomo naiz, eta parte hartzea gehiago atsegin dut begira egotea baino. Bilobarik ez daukadanez, nire inguruko aitona-amona askok baino denbora gehiago dut niretzat. Gaur egun, antzerkia egiten dut; aktore eta zuzendari boluntarioa naiz Sopeña Zentroko Antzerki Taldean. Bestalde, hainbat ikastarotan parte hartzen dut (pilates, sevillanak, kriskitinak eta musikala) arte eszenikoekin izugarri gozatzen baitut.

Joaquín Gutierrez “Guti”. 77 Urte.

Joaquín Gutierrez naiz, baina jendeak Guti ezizenarekin ezagutzen nau. Zorroaga egoitzan bizi naiz, duela 11 urtez geroztik. Han, egoitzan dugun Elizara etortzen diren pertsonak eta taldeak artatzeaz arduratzen naiz, ekintza kulturalak eta erlijiosoak entseatzeko eta egiteko. Horrek aukera ematen dit askotariko jendearekin harremanetan egoteko, eta, hain zuzen ere, hori da gehien gustatzen zaidan gauzetako bat.

Jesús Otxoa. 71 Urte.

Jesús Otxoa naiz, eta gizarteari egiten diodan ekarpena da ekonomia justuago baten alde lan eginez nire harri koskorra ekartzea. Horixe dio Mugarik Gabeko Ekonomistak garapenerako gobernuz kanpoko erakundearen goiburuak, eta talde horretako kide boluntarioa naiz. 2003an Euskadiko ordezkaritza sortzeko lanetan parte hartu nuen, eta ordezkaria eta zuzendaritza batzordeko kidea izan naiz sei urtez. Orain Gipuzkoako boluntario taldeko kidea naiz, eta Mugarik Gabeko Ekonomistak erakundea ordezkatzen dut Euskadiko GGKEen Koordinakundean eta Zero Pobrezia plataforman. Ekonomian eta enpresan jarduteko beste modu bati buruz sentsibilizatzeko zenbait ekintzatan parte hartzen dut, batez ere lanbide heziketan eta unibertsitatean.

Juan Antonio Iruretagoyena. 67 Urte.

Juan Antonio Iruretagoyena naiz. Nire lanbidean egin dudan jardueragatik, ideiak azaltzeko eta jendaurrean hitz egiteko erraztasuna dudala uste dut. Orain, esperientzia hori beste batzuentzat baliagarria izan dadin, zenbait jardueratan parte hartzen dut. Ekimen horietako bat Alaitu abesbatza da, eta adinekoentzako zentroetan egiten ditugu emanaldiak. Beste bat Plus 55 ekitaldien esparruan da: Erritmoa Naiz tailerra egiten dugu Yamel Romerorekin. Abestiak eta bideoak prestatzen ditugu, eta ikusgai daude YouTuben. Horrela erakusten dugu 55 urtetik gorakoak oraindik ere gogotik abesteko gai garela, eta parte hartzea benetan zoragarria dela.

Iñaki Murua. 79 Urte.

Iñaki Murua naiz, eta Egiako Txoko-Berri Jubilatuen Elkarteko burua naiz. Han, denetatik egiten dut, bai eta barran zerbitzatu eta baliabide gutxi dituzten adinekoei ilea moztu ere. Mahai jokoak asko gustatzen zaizkidanez, noizbehinka musean edo xakean jokatzen irakasten diet beste adineko batzuei. Horretaz gainera, hitzaldiak antolatzen ditut elkartea ezagutarazteko, eta denon artean elkarte jator bat sortzea bultzatzen dut. Eredugarri izanez sustatzen dut hori: elkarteko inoren urtebetetzea ez ahazten saiatzen naiz, eta zorion gutun bat eramaten diet etxera elkarteko kideei.

Carmelo Moreno. 77 Urte.

Carmelo Moreno naiz, Nagusilan Antzerki Taldeko zuzendaria. Nik aukeratu eta egokitu ditudan hainbat egile klasiko zein garaikideren obrak prestatu eta entseguak egiten ditugu. Izugarri gozatzen dut taldekideekin ikuskizuna sortzeko prozesuan, eta gero 15 egunean behin gogo handiz antzezten dugu Donostiako eta Gipuzkoako adinduentzako egoitzetan eta inguruko kultur etxeetan. Horrez gainera, denbora asko ematen dut bilobekin; egunero joaten naiz haien bila ikastolara, eta etxera ekartzen ditut bazkaltzera, edo eskolaz kanpoko jardueretara eramaten ditut, gurasoak iristen diren arte.

Pilar Iragorri. 91 Urte.

Pilar Iragorri naiz, oiartzuarra. Gaztetan hartu nuen beste pertsonekin lan egiteko erabakia eta konpromisoa, eta horrela egin dut hainbat tokitan eta garaitan; bai Hego Ameriketan, bai Espainian, baita Euskadin ere. 22 urtez Martuteneko Espetxera joan izan naiz astero presoak bisitatzera. Esan daiteke, esperientzi horiek guztiek sendotasuna eman didatela eguneroko gauza arruntak behar bezala baloratu eta eskertzeko. Era berean, Zorroaga Egoitzako kideei laguntzen diet euren egunerokoan, eta Mintzanet programan ere parte hartzen dut, euskaldun berri batekin Skype bidez euskara irakasteko.

Casimiro Bengoetxea. 76 Urte.

Casimiro Bengoetxea naiz. Club Vasco de Camping elkartean aritzen naiz boluntario bezela; elkarteko egutegiaren barruan txangoak antolatzen ditut, batez ere, bai irtenaldi laburrak, bai eta luzeak ere. Azken aldian, helmuga hauetan izan gara: Azoreak, Kreta, Queyras (Alpeak), Mallorca… Halaber, Errimaya aldizkariko laguntzailea naiz, eta gure mendi jarduerekin lotura duten artikuluak idazten ditut. Aitona naizen aldetik, bilobak zaintzen ditut noizean behin.

José Manuel Susperregi. 76 Urte.

José Manuel Susperregi naiz, eta, duela 14 urtez geroztik, Helduen Hitza elkarteko kidea naiz. Han, beste pertsona askorekin batera, hainbat jarduera garatzen lan egiten dut, adinekoen partaidetza soziala errealitate bilaka dadin. Hitzaldiak eta biltzarrak antolatzen ditugu, bai eta ostegunetako foroa deritzoguna ere. Foro horretan, astero, 20-24 lagun biltzen gara, gure eguneroko bizitzarekin lotutako gaiez, hala nola gai sozialez, ekonomikoez, politikoez eta elkartearekin lotutako gaiez, jarduteko, hitz egiteko eta iritzia emateko.

Agustín Unzurrunzaga. 70 Urte.

Agustín Unzurrunzaga naiz, eta, 1991. urtean, Gipuzkoa SOS Arrazakeria elkartearen abenturaren hasieran parte hartu nuen, immigranteen lehen erregularizazio bereziarekin. Hogeita sei urte geroago, jada erretiratua, elkarteko boluntario gisa jarraitzen dut. Hitzaldiak ematen jarraitzen dut, artikuluak idazten ditut, eta manifestazioetara eta elkarretaratzeetara joaten naiz. Ez dut egiten lehen egiten nuena, baina bildutako esperientzia oraindik ere oso baliagarria da denontzat.

Cristina Quilez. 70 Urte.

Cristina Quilez naiz, eta oso emakume aktiboa naiz sozialki. 2010. urtera arte, Esperientziaren Eskolako kide izan nintzen, eta, gerora, Helduen Hitza elkartekoa. 2007. urteaz geroztik, Amara Zaharreko zahar etxeko kidea naiz. Han, gimnasia eskolak jasotzen ditut, lankidetzarako beste ate batzuk zabaldu dizkidatenak. Esku hartze komunitarioaren esparruan, Matia Fundazioaren Bermingham Zentroan boluntario gisa aritzen naiz, nire interes pertsonal handienetako batean; alegia, pertsonarteko harremanetan. Hortaz, 2008. urteaz geroztik, jarduera fisikoa eta gimnasia eramaten dizkiet zentro horretan bizi diren pertsonei.

Xabier Alkorta. 68 Urte.

Xabier Alkorta naiz eta Eusko Ikaskuntzak 2018. urtean beteko duen mendeurreneko ekintzen antolaketako lantaldeak kudeatzen ditut. Bost egitasmo ari gara lantzen, eta datorren urtean Oiñatin ospatuko den XVIII. Kongresuan emaitzak azalduko ditugu. Ohorea da niretzat, eta nire aldetik onena ematen saiatzen naiz. Dena dela, denbora izaten dugu itsas-zeharkaldietan parte hartzeko.

Agustín Irazu. 66 Urte.

Agustín Irazu naiz. Duela 8 urtez geroztik, nire denboraren parte bat plaza publikoan dantzatzeko ohitura osasungarria berreskuratzeko erabiltzen dut. Herridantza Dantza Taldeko Zuzendaritza Batzordeko idazkari gisa egiten dut hori. Talde horretan, dantza eskolak emateaz gain, hilabete guztietako hirugarren igandean, erromeria bat antolatzen dugu, eguerdiko 12etan hasten dena, Bulebarreko kioskoan, ikasten duguna praktikan jartzeko. Horretaz gainera, denbora ematen dut aita, semea eta aitona izateko. Izugarri gozatzen dut denbora horretaz.

Victor Ayala. 79 Urte.

Victor Ayala naiz, eta gizarte lan dezente egindakoa naiz: 40 urtez borrokatu naiz Ikastolak aurrera ateratzeko, eta Antiguoko erretiratuen presidentea izan naiz 5 urtez. Gaur egun, beste eremu batzuetan jarduten dut. Batetik, baratze bat lantzen dut, lagun batek uzten didana, eta fruituak familiakoen (4 seme-alaba eta 5 biloba), lagunen eta auzokoen artean banatzen ditut. Bestetik, elkarte gastronomiko bateko kide aktiboa naiz. Bertan, bi otordu antolatzen ditut hilean gure adineko jendearentzat: biltzen garenon kuadrillan beti daude aurpegi berriak eta dibertsitate handia. Horretaz gainera, bazkariak egiten ditut haurtzaroko lagunen kuadrillentzat, Ikastolako gurasoentzat, kintoentzat…

Miren Egaña. 71 Urte.

Miren Egaña naiz, Donostiako Zubiri-Manteo BHI ikastetxeko Euskara, Hizkuntza eta Kultura katedradun ohia. Bizitza euskara irakasten igaro ondoren, orain dela 40 urte ekindako bideari jarraipena ematen diot eta ikerketan jarduten dut. Noizean behin ere hitzaldiak eskaintzen ditut Aranzadiko Etnografia sailak, Jauzarreak eta EHU-ko Historia sailak antolatutako saioetan. Aurten, Kanadako Halifax-en egingo den kongresu batean parte hartuko dut eta Atlantikaldia jaialdian hitzaldia eskainiko dut. Era berean, 7-8 urteko gaztetxoen eskola bat egokitu nuen, eta Bagerak antolatutako Mintzodromoan ere maiz parte hartzen dut. Nire parte-hartzearekin ekarpen xumea egiten diot gizarteari, baina bada zerbait.

Maite Álvarez. 69 Urte.

Maite Álvarez naiz, eta, 5 urtez geroztik, Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteko idazkaria naiz. Betiere hirian bizikletaren erabilera sustatzeko helburuarekin, nire lankidetza bulegoan astelehen eta asteazken arratsaldeetan harrera egitean, tailerrak antolatzean eta bide berdeetan eta beste paraje batzuetan barrena bizikleta ibilaldiak antolatzean datza (ibilbide horiek webgunera igotzen ditut). «Cycling without age» proiektuaz hitz egin nahiko nuke, berria da eta. Iaztik, 4 triziklo ditugu, Danimarkatik ekarriak, zahar egoitzetan dauden pertsonek ere bizikletan ibiltzeaz goza dezaten. Horretarako, ikastaro bat egin behar izan nuen.

Aurora Pérez. 70 Urte.

Aurora Pérez naiz. Duela 7 urtez geroztik, zeregin asko egiten ditut Nagusilaneko boluntario gisa. Zeregin horiek, besteei laguntzeaz gain, niri laguntzen didate. Astea hitzorduz josia izaten dut. Astearteetan, bingoan jokatzen dut Aldakonea egoitzako adinekoekin; duela Eguberri batzuez geroztik, erregina magoa ere izaten naiz egoitza horretan. Asteazkenetan, paseatzera irteten naiz Alta Etxe egoitzako pertsonekin, eta amaieran beti hartzen dugu aperitibo atsegin bat. Ostegunetan, ibiltzera joaten naiz Goyeneche Fundazioaren eguneko zentroko emakume batekin. Eta, jakina, denbora ateratzen dut biloba zaintzeko, behar denean.

Izaskun Mendikute. 67 Urte.

Izaskun Mendikute naiz eta hamabi urte igaro dira dagoeneko erretiroa hartu nuenetik. Geroztik, adineko pertsonentzako bi elkarteekin jarduten dut elkarlanean. Lehenengo elkartean, euskara taldeko arduraduna naiz eta zuzendaritza-taldeko kidea, eta besten, bazkideei zuzendutako idazkiak euskaratzen ditut, eta zuzendaritza-batzordeko kidea naiz ere. Txirrindulari amorratua naiz eta uda garaian bidegorriak behin eta berriz erabiltzen ditut.

Karmele Albizu. 68 Urte.

Karmele Albizu naiz. Erretiroa hartu nuenetik Zen meditazioa irakasten dut Donostian. Nire asmoa da jendeari meditazioa ezagutzeko aukera ematea, hainbat onura ekartzen baititu arlo pertsonalean zein sozialean. Meditazio saio batean egiten dugun guztiak arreta osoa praktikan jartzea dakar. Eserita meditatzen dugunean, oinez ibiltzen garenean, tea hartzen dugunean, edo erabilitako materialak biltzen ditugunean, arreta osoa praktikatzen dugu. Praktika hori aldizka egiteak burua lasaitzen laguntzen dit, eta kontzientzia gehiagorekin bizitzea dakarkit.

Alfredo Cocho. 60 Urte.

Alfredo Cocho naiz, eta musika da nire zaletasun handiena. Bizitza osoa musika jotzen aritu naiz, eta oraindik ere egunero jotzen dut. Batzuetan, Loiolako Erriberako parrokiako koruari laguntzen diot entseguak egiten dituenean. Beste batzuetan, organoa jotzen dut ekitaldi erlijiosoetan, eskatzen didatenean. Eta, egokitzean denean, pianista ofizial gisa aritzen naiz Zorroagako egoitzan egiten den edozein ekitaldi edo jaietan; izan ere, duela 4 urtez geroztik, egoitza horretako pertsona autonomoentzako bizikidetza unitateetan bizi naiz. Notak alde batera uzten ditudanean, ibili ezin duten bi adiskideri paseo bat ematen laguntzen diet, eta maiz joaten naiz amarekin partxisean jolastera; ama adindua da, eta bakarrik bizi da.

Fernando Aranburu. 67 Urte.

Fernando Aranburu naiz, eta inguruko lagunekin elkartzen saiatzen naiz zahartzaroa elkarrekin bizi dezagun. Elkarte bat sortu nahi dugu auzoan laguntza eskaini, eta auzokideak harremanetan jar daitezen antolatutako ekintzetan parte hartu eta gozatu dezaten. Horretarako, maiz biltzen gara eta guztion artean adosten ditugu eman beharreko pausuak.

Ramón Martínez. 61 Urte.

Ramón Martínez naiz. GEHITUko (lesbiana, gay, transexual eta bisexualen elkarteko) eta Asociación de Familias contra la Intolerancia X Género elkarteko kidea eta boluntarioa naiz. Elkarte horietan, elkartera iristen diren aita-ama berriei lagunduz lan egiten dut: entzun egiten diet, eta beren sentimenduak ez mututzen laguntzen diet. Halaber, nire denboraren parte handi bat erabiltzen dut haurtzaroan eta nerabezaroan X generoaren intolerantzia lantzeko.

Jokin Urkola. 61 Urte.

Jokin Urkola naiz, eta hamaika urte bete ditut Caritas Gipuzkoan boluntario lanak egiten. Erakunde horri ematen diot, hain zuzen, nire denboraren zati handi bat. 2016an Ekuadorren egon nintzen Caritasko nazioarteko boluntario moduan: El Oro probintzian, Santa Rosa Kantoian, misio lanetan jardun nintzen. Pertsona eta familia behartsu eta ahulei laguntzen jardun nintzen. Orain Donostian ari naiz, garapenerako proiektuetan laguntzen eta sentsibilizatzen: Ipar-Hego harremanak egiten, eta mundu justuago, solidarioago eta gizatiarrago bat lortzeko borrokan. Utopian sinesten dut: bestelako mundu bat posible da.

Juan Mari Pérez. 67 Urte.

Juan Mari Pérez naiz. Erretiroaz gozatzen dut, bizimodu aktiboa izanez, parte hartuz eta nire familiari eta gizarteari nire harri koskorra emanez. Helduen Hitza elkarteko kidea naiz, eta, bertan, euskara sustatzen dugu. Halaber, San Telmo Museoan 55 urtetik gorakoentzako bisita gidatuak egiteaz arduratzen den 5 pertsonetako bat naiz; bisita gidatuen bidez, gure ezagutza besteen zerbitzura jartzen dugu.

Eva Esnal. 63 Urte.

Eva Esnal naiz, eta erretiroa hartu nuenetik denbora gehiago daukat gizarteari eskaini, eta gizartea aldatu eta hobetzeko. Astean behin Mintzalagun egitasmoan parte hartzen dut lau emakumerekin euskaraz hitz egin eta erakusteko; izan ere, niretzat harremanak egitea onuragarria da. Bestalde, elkarte berri bat sortu dugu Donostian, hurrengo urtean hiri kontsulta egiteko. Erronka handia da, baina ez zaizkigu indarra eta ilusioa falta.

Yolanda Uranga. 63 Urte.

Yolanda Uranga naiz. Betidanik hartu dut parte auzokoei laguntzeko eta auzoa hobetzeko jardueretan. Azken urte hauetan, errefuxiatuei laguntzen ere aritu naiz. Zaporeak proiektuaren sortzaileetako bat naiz. Proiektua antolatzen parte hartu dut, bai eta ekitaldiak prestatzen eta elikagaiak biltzen eta banatzen ere; Greziako Kios uhartera joan, eta han 500.000 janari-errazio baino gehiago banatu ditugu.

Mamen Alonso. 70 Urte.

Mamen Alonso naiz, irakaslea. Erretiroa hartu nuenean, irakaskuntzan aritutako beste pertsona batzuekin elkartuta, Hazi eta Hezi elkartea sortu genuen. Elkarte horren helburu nagusia da egoera ahulean dauden familietako haurrei eskolako lanak egiten laguntzea. Gaur egun, lau zentro ditugu Donostian, eta 140 boluntariok 7 urtetik 15 urtera bitarteko 230 haurrei laguntzen diete. Ni Amarako zentroaren arduraduna naiz, eta gurean hartzen dugu ikasle kopuru handiena, 120 haur baititugu.

Mª Ascensión Martínez. 73 Urte.

María Ascensión Martínez naiz, eta historialaria naiz, Generoaren Historian espezializatua. Emakume biztanleriaren eginkizuna berreskuratzea, hala eguneroko bizitzan, nola gizarte eta lan bizitzan, izan da nire helburua nire karrera osoan, eta oraindik ere horretan jarraitzen dut. Beste emakume batzuekin batera, Donostiako Emakumeak eta Hiria Foroarekin elkarlanean dihardut, 1997an sortu zenetik. Foro horren helburua hiriko politikak zaintzea da, Donostiako emakumeen eginkizuna eta premiak ahaztu ez ditzaten. Foro horretan, garraio publikoa eta etxebizitzen egoera aztertu dugu, emakume izenak proposatu ditugu kaleentzat… eta, 2010eko azaroan, Emakumeen Etxea zabaldu zen, luze landutako proiektu bat.

Juana Aranguren. 65 Urte.

Juana Aranguren naiz, eta abokatu lanetan dihardut, orain dela 39 urte hasita. Plazandreok plataforma feministako kidea naiz. Nire ahaleginen ardatza emakumeen ikuspegia udal bizitzan aintzat hartzea da; izan ere, gure iritziz, arlo politikoan emakumeen interesak bigarren mailakoak dira gaur egun ere. Halaber, Donostiako Emakumeen Etxean Emakumeak eta Hiria Foroan parte hartzen dut, eta ekipamendu hori gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko borroka bultzatzeko funtsezkoa dela deritzot.

Rosi Garrido. 73 Urte.

Rosi Garrido naiz, eta Intxaurrondon euskaraz kantatzen hasi zen lehen taldeko partaidea naiz. Ondoren, taldeak sortu ziren Amaran, Aieten eta Parte Zaharrean, eta eurekin elkartu ginen kantuak ikasteko. Geroztik, eta Egunkaria itxi zutenean, gure kantuak kalera ateratzea erabaki genuen Parte Zaharreko kantu jira sortuz. Etengabe hazi da azken urteotan. Hilabeteko hirugarren astean elkartzen gara kaleei gure euskarazko kantuen bitartez kolorea ematen saiatzen. Gure kulturak eskaini diguna berreskuratu nahi dugu eta kantatzen gozatu.

Estrella Rodriguez. 65 Urte.

Estrella Rodriguez naiz, eta langile nekaezina naiz. Nire denbora nire zaletasun handia –hots, pintura– lantzeko eta besteei laguntzeko banatzen dut. Nire alderdi artistikoak Donostia 2016ren «Zurekin sortzen dugu Donostia» proiektuan parte hartzera eraman ninduen, eta, orain, «Zurekin Gipuzkoa sortzen dugu» proiektuan parte hartzen jarraitzen dut. Beti nago prest Intxaurrondo Berriko Emakume Elkartean egiten diren proiektuetan elkarlanean aritzeko (duela 20 urte baino gehiagoz geroztik naiz elkarte horretako kidea). Batik bat, Emakumearen Astean eta antolatzen diren azoka solidarioetan.

Fermin Leizaola. 73 Urte.

Fermin Leizaola naiz, eta Aranzadi Zientzia Elkartearen Etnografia Saileko zuzendaria naiz. Hitzaldiak eta ikastaroak ematen ditut kultura materialari buruz eta Euskal Herriko bizimodu tradizionalei buruz. Artzaintzari buruzko modulu bat ematen dut EHUko Antropologiako masterrean. Manuel Lekuona Saria eman berri didate, egiten ari naizen lan etnografikoengatik. Duela 38 urtez geroztik, etnografia jardunaldiak antolatzen ditut (gaur egun, San Telmo Museoan egiten dira). Aranzadiko bulegoan, egiten dizkidaten kontsultei erantzuten diet. Eta ilusio handiena ematen didana: bilobekin esperimentu fisiko eta kimiko batzuk egiten ditut. Haiekin, gauak pasatu ditut Gipuzkoako mendietako leizeetan, naturarekin kontaktuan eta gure herrialdea ezagutarazten.

Tomas Errasti. 77 Urte.

Tomás Errasti naiz, eta, 2000. urteaz geroztik, Gipuzkoako Elikagai Bankuko kidea eta laguntzailea naiz. Elikagaiak kargatzen eta deskargatzen egiten dut lan, bai eta bulegoan ere, eta, 9 urtez, Euskadiko Elikagai Bankuen Federazioko idazkaria izan naiz. Gaur egun, batik bat elkarlanean eta boluntarioak biltzen aritzen naiz, Gipuzkoako supermerkatu eta denda guztietan urtean behin egiten den bilketa handia delakoan elikagaiak biltzeko. Ordainetan jasotzen dudan gauza ederrena beren furgonetekin behartsuenei elikagaiak banatzeko etortzen diren pertsonen zoriontasun aurpegia ikustea da. 2016an, 2.137.877 kilo elikagai bildu genituen.